viernes, 12 de febrero de 2010

PSOEk eta PPk Euskararen garrantzia gutxiesten dute

Gaur bertan asko larritu gaituen kontua irakurri ahal izan dugu prentsan. PSOEk eta PPk euren bozkak batu dituzte Euskarak Lan-eskaintza Publikoetan puntu gutxiago eman ditzan. Hori al da Euskararekiko duten begirunea? Hori al da Euskararen alde egiten duten babes sutsua? Zergatik ez dute berdina egiten Katalunian, esate baterako?

Galdera asko eta erantzun urri, edo hobeto esanda, erantzun berdinak: Euskara ez dela politikoki erabili behar, alegia. Hori horrela bada, eta euskaldun guztion bateragunea izan behar badu, zergatik gutxiesten dute orain gure hizkuntza ofizialetako bat? Horrela jarraitzen badute, aurki erakundeetan soilik erderaz entzungo dugu. Hori nahi badute, argi eta garbi esan dezatela, baina ez dezatela Euskararekin jokatzen ibili.

1997.urtean egun indarrean dagoen araudia sartu zenean, lau hizkuntza eskakizun jarri ziren Euskararen puntuak banatzeko. Hainbat sozialistek ados egon ziren araudi honekin, baina antza denez, orain solik araudi horren kontra daudenak gelditzen dira. Eta atzo onartu zutena horren adibide garbia da. Ez dira konturatu, ordea, Auzitegi Konstituzionalak sistema hori ontzat eman zuela, ezartzen zuen proportzioa dela eta. Beraz, ezin da ulertu nolatan joan daitezkeen orain hainbeste begirune dioten auzitegiaren kontra. Zergatik orain Konstituzionalari ondo iruditzen zaiona gaizki dago?

Dena den, gaia dirudiena baino askoz errazagoa da. PSOE PPren menpe bizi dela agerian gelditu da beste behin ere; izan ere, PP izan da, batez ere, araudi horren kontra betidanik egon dena. Sozialistek, hainbat neurri aurrera ateratzeko, eta gobernua dagoen moduan uzteko PPren babesa behar dutenez, beste gol bat sartu dieten seinalea da atzo Gasteizko Legebiltzarrean onartu zutena. Euskarari geroz eta balio eskasagoa eman nahi diote administrazioan lan egiteko; hau da, Euskarak duen garrantzia gutxiesten dute. Bost ajola beraiei Euskararekin gertatzen dena.

Beraz, hurrengo Lan-eskeintza publikotik aurrera euskarak balio gutxiago edukiko du. Larriena honakoa da: Euskara eta Gaztelania Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak dira; honenbestez, administrazio publikora joanez gero bietan egiteko aukera duzu. Lan-eskeintza publikoetan Euskarak ematen dituen puntuak jeisten badira, euskaraz egitea bermatuta egongo al da? Horren beldur gara, eta hala adierazi nahi dugu.

Gainera, jakina da familia euskaldun batean jaio den batek Gaztelania ikasi behar duela, eta Lan-eskeintza publiko batetara aurkezten denean Gaztelania ondo dakiela frogatu behar duela. Hori dela eta, Euskara eta Gaztelania Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialak badira - garrantzi berdina ematen zaie PPk eta PSOEk hainbeste defendatzen duten Estatutuan - administrazio publikoan lan egin nahi duen norbaitek Euskaraz ondo dakiela ere frogatu beharko du, bi hizkuntzen presentzia bermatua egon dadin. Erabaki honekin baina, PPk eta PSOEk aurkakoa lortuko dute. Hori al da nahi duten euskararen normaltasuna? Hori al da modu ez politiko batean euskara erabiltzea, herritarren bateragunea bihurtzea?

Hemendik bai PPri baita Patxi Lopezen gobernuari ere arren eskatzen diegu euskararekiko begirune gehiago izan dezaten, gure kulturaren ondarea baita. Horregatik, hainbeste maite badute Euskadi, eta euskal kulturaren babesleak badira - hala esaten dute, behintzat - gure hizkuntza babestu beharko lukete eta ez Gaztelaniari garrantzi handiagoa eman. Alabaina, gaztelania beti hor egongo da, ez da arriskuan egongo. Euskarak, ordea, horrelako neurriak hartzen badira galtzeko arriskuan egon daiteke.

0 comentarios:

  © Blogger template 'Grease' by Ourblogtemplates.com 2008

Back to TOP