jueves, 15 de abril de 2010

Lopezen hankasartze larria Egunkaria auzia baloratzerakoan

Oporretan egon gara, bai, baina bueltan, ikusi izan dugun gauza bakarra honakoa da: Patxi Lópezek lagunak egiten jarraitzen du. Egunkaria auzia dela eta Euskadiko Lehendakariak egin dituen adierazpenak ez dira egokienak izan; alabaina, bere diskurtsoa alde batera utzi du eta alkandoraz aldatu du beste behin ere. Gizartea konturatu da, eta dagoeneko nazka-nazka dago horrelako interesdun adierazpenak entzuteaz, baldin eta interesagatik eginda baldin badaude.

Nahiz eta oporretan egon adi egon gara azkeneko hilabete luze honetan gertaturikoaz. Eusko Jaurlaritzak ezer egin gabe jarraitu du. Arriolari lehenengo harriak bukatu zitzaizkionetik ez dugu deus jakin. Soilik Idoia Mendia ibili da adierazpenak egiten, Eusko Jaurlaritzaren barnean inortxok ezer ere egiten ez duen bitartean. Baina, azkeneko egunetan Egunkaria auzia atera da, eta berriz ere adierazpenak etorri zaizkigu. Dena den, ez zaigu normala iruditzen Lehendakariaren adierazpenak bere blogean egitea, eta ez beste askotan egiten duen bezala, jendaurrean edo Ajuria-enean prentsaurrekoa deituta. Penagarria.

Patxi Lopezek memoria gabe jarraitzen du. Idoia Mendiak auziperatuak absolbituko zituztenaren zantzua atera zenean hasi zen diskurtsoa piskanaka aldatzen, nahiz eta justiziari begirunea izan behar geniola aipatu eta inputatuei babesa ez eskaini. Hori ahaztu zaie. Hala ere, larriena ondorengoa da: duela zazpi urte, Lopez PSE-PSOEko idazkari nagusia zenean, egin zituen adierazpenak orain egin dituenen guztiz kontrakoak dira. Guztiok gogoratzen dugu zein izan zen orduan PSOEk izan zuen jarrera. Dena ez da zilegi ordea, eta ezin da norbait akusatu inongo frogarik gabe.

Duela zazpi urte Lopez ez zen egon Egunkaria itxi eta egun batzuetara Donostian izan zen manifestaldian. Guztiz kontrakoa, errudunak zirelakoen alboan jarri zen. Hori ez omen du gogoratzen orain. Auziperatuak absolbitzen dituen sententzia duela hiru egun atera zen, atzo arte ordea, ez zuen adierazpenik egin; guztiz mutu zegoen, txintik ere esan gabe. Zer esan pentsatzen egon da, orain arte bere alderdiak egin dituen adierazpenak nola konpondu bilatzen egon da. Bakan batek galdetuko du: Zer otu zaio? Blogaren bidez adierazpenak egitea, zazpi urte hauetan mantendu duen diskurtsotik aldentzeko. Zein aurpegiarekin azaldu behar zen herritarren aurrean orain arte sinistu ez duen gauza bati buruz hitz egiteko?

Berandu eta gaizki, beti bezala, eta gainera, ondorengoa esateko: "Auzia zuzenbide estatuaren kontrakoa izan da; euskal kulturaren kontrakoa". Orain, zuzenbide estatuaren kontrakoa da? Euskal kulturaren kontrakoa? Lehen ez zen ordea. Gizarteak urte hauetan auziperatuei behin eta berriz babesa eskeini die, Lopez bere gobernua osatzen dutenek eta alderdi sozialistak, aldiz, inoiz. Duela aste batzuk justiziari begirunea izan behar geniola esan zuten, baina auziperatuei babesa ez zieten erakutsi. Antza denez ez zuten sinisten akusatuek errugabeak zirela. Eta hori oso larria da.

Horregatik, erabat ulergarria da Martxelo Otamendi Egunkariaren zuzendariak atzo ETB egin zituen adierazpenak. Duela bi hilabete atzo adierazitakoa esan balu... Eta gainera bloga erabili du adierazpen horiek egiteko. Hain garrantzitsua zen agerraldia gauza nimiño bat bezala tratatu du Lopezek. Pasa dutena pasa eta gero Lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren begirunea beharko lukete, eta ez blog baten bidez eginiko eta sinisten ez duen adierazpena. Prentsaurrekoa, agerraldi publikoa, edo antzeko zerbaiten zain geunden; antza denez, kasua ez da garrantzitsua berarentzat.

Bost euskal enpresarik egin ez duten gauza batengatik erruduntzat hartu zituzten duela zazpi urte, kartzelan egon ziren, torturak salatu zituzten; herria zazpi urtez itxaron behar izan du auziperatuen errugabetasuna aitor zezaten. Baina hori guztia ez da nahikoa Patxi Lopezentzat, publikoki duela zazpi urte egin zituen adierazpenak egokiak ez zirela esan eta auziperatuenganako begirunea adierazteko. Ikusten denez, botoak eta Madril pozik egotea soilik arduratzen zaizkio. Politikan, aldiz, ez du guztiak balio.

1 comentarios:

Anónimo 15 de abril de 2010, 21:53  

Lopez ez zen izan manifestazioan. Ezta Ibarretxe ere. Eta Imazen orduko adierazpenak ere irakurtzekoak dira. Lotsagabe asko daude, orain gobernatzen dutenak eta orduan gobernatzen zutenak

  © Blogger template 'Grease' by Ourblogtemplates.com 2008

Back to TOP